Panamako kanala | |
---|---|
Datu orokorrak | |
Garaiera | 26 m |
Mota | ship canal (en) |
Luzera | 82 km |
Geografia | |
Koordenatuak | 9°07′N 79°45′W / 9.12°N 79.75°W |
Honen parte da | Mundu Modernoko Zazpi Mirariak |
Estatu burujabe | Panama |
Province of Panama | Panamako probintzia |
Panamako kanala edo Panamako ubidea[1] Ozeano Atlantiko (Karibe itsasoa) eta Ozeano Barea lotzen dituen ubide artifiziala da; Panamako istmoan zehar, Ameriketako erdialdean, Panama kostatik kostara zeharkatzen du. Merkataritza balio handia du, itsas komunikazioen denbora eta distantziak oso nabarmen murrizten baititu. Izan ere, Amerika ipar edo hego muturretik inguratu beharrean, erdi-erditik zeharkatzea ahalbidetzen du, itsasontziei milaka kilometro aurreratuz. 1914ko abuztuaren 15ean inauguratua, orduz geroztik Ameriketako Estatu Batuen kontrolpean izan zen, harik eta, 1999ko abenduaren 31n, kontrol osoa Panamari eskualdatu zioten arte.
Panamako ubidea 81,6 km luze[2] eta 90-150 m zabal da (240-300 m, Gatun aintziran). Munduko ubide artifizial handiena da, Suezko ubidearekin batera. Panamako ubidea Ozeano Atlantikoko Limon badiatik (Antilletako itsasoa Colón hiria eta Cristobal portua) Ozeano Barearen ertzeko Balboa hiriraino luzatzen da, eta Gatun aintzira zeharkatzen du bere bidean. Ontzi handiek ezin dute beren indarrez Panamako ubidea igaro. Atoian eramaten dituzte ontziak lokomotor batzuek, orduko 3 kilometroko abiaduraz, eta, eskuarki, sei lokomotor behar izaten ditu ontzi bakoitzak ubide osoa igaro ahal izateko. Hiru esklusa gune nagusi daude ubidean: Gatun, Pedro Miguel eta Miraflores. Esklusa horiek bikoitzak dira, eta ontziak bi norabideetan igaro daitezke une berean eta gune beretik. Sarreran eman beharreko denbora barne, 24-30 ordu behar izaten du ontzi batek alde batetik bestera igarotzeko. Mota guztietako gaiak (petrolioa eta hartatik eratorriak, aleak eta ikatza dira gai garraiatuenak) igarotzen dira egunero Panamako ubidetik.
XX. mendeko[3][4][5][6][7][8][9] munduko ingeniaritzaren lan handienetako bat da. Mutur bakoitzean, esklusen bidez funtzionatzen du kanalak, eta Gatun aintzirara iristen dira. Aintzira artifizial hori sortu zen kanala induskatzeko behar den lan-kantitatea murrizteko, itsas mailatik 27,5 metrora, gero, Ozeano Barera edo Atlantikora jaisteko. Ireki aurretik, Ozeano Atlantikoaren eta Ozeano Barearen artean erabiltzen ziren pasabide naturalak Magallaes itsasartea eta Hornos lurmuturra ziren, Txileko mutur australean kokatuak[10].
1914ko abuztuaren 15ean inauguratu zenetik, ubideak itsas komunikazioa laburtu du, denboran eta distantzian, eta itsas garraioa eta garraio ekonomikoa dinamizatu ditu. Izan ere, bi ozeanoen arteko zirkulazio-bide laburra eta nahiko merkea eskaintzen du[11], eta eragin erabakigarria du munduko merkataritzaren ereduetan[12]. Horrez gain, herrialde garatuen eta garabidean daudenen hazkunde ekonomikoa bultzatu du[11], eta, hedapen ekonomikorako, munduko eskualde urrun askoren oinarrizko bultzada ematen du[13][14][15]. 2012an, AEB, Txina, Txile, Japonia eta Hego Korea izan ziren bost erabiltzaile nagusiak[16]. Ubidea zeharkatzeko, zortzi eta hamar ordu bitartean behar dira[3]. Handitutako ubidea 2016an inauguratu zen, hamarkadabeteko lanen ostean. Azken urteetan, ubidea mehatxupean dago lehorte-garaian ur-maila baxua delako eta klima-aldaketaren ondorioz[17][18].