Lehen Mundu Gerra | |||
---|---|---|---|
Lehen Mundu Gerrari buruz Berriak egindako infografia | |||
Data | 1914ko uztailaren 28a – 1918 azaroaren 11 (su etena) | ||
Lekua | Europa, Afrika eta Ekialde Hurbila (denbora labur batez, Txina eta Ozeano Bareko uharteak) | ||
Emaitza | Aliatuen garaipena | ||
Gudulariak | |||
| |||
Buruzagiak | |||
Indarra | |||
Galerak | |||
|
Lehen Mundu Gerra, Gerra Handia[oh 1] edo Guda Nagusia[1] Europan piztu eta gehienbat bertan jazotako mundu gerra bat izan zen, 1914ko uztailaren 28an hasi eta 1918ko azaroaren 11ra arte iraun zuena. Bere garaian, "gerra guztiekin amaituko duen gerra" deitu zioten[2]. Historiako gudarik handienetako bat izan zen, 70 milioi pertsona mobilizatu baitziren militar aritzeko, tartean 60 milioi europar[3][4]. Estimazioen arabera, bederatzi milioi militar eta zazpi milioi zibil hil ziren gerraren ondorio zuzenez. Horrezaz gainera, hainbat genozidio erraztu zituen, baita 50-100 milioi pertsona hil ere 1918ko gripe pandemiaren hedakuntzan[5][6]. Galera militarrak asko handitu ziren garapen teknologiko eta industrialaren eta lubaki-gerraren ondorioz. Historiako gatazkarik hilgarrienetako bat izan zen, eta oso eragin politiko garrantzitsuak izan zituen hainbat herrialdetan, 1917–1923ko iraultzak barne. Gerratearen amaieran, gatazka batzuk konpondu gabe geratu ziren, hogei urte geroago Bigarren Mundu Gerraren pizgarri izan zirenak[7]. Euskal Herriari ere sekulako hondamendia eragin zion: Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan «belaunaldi oso bat desagertu zen».[8]
1914rako Europako potentziak bi koaliziotan banatuta zeuden: Entente Hirukoitza alde batetik, Frantzia, Errusiako Inperioa eta Britainia Handiarekin; Aliantza Hirukoitza bestetik, Alemaniako Inperioa, Austria-Hungaria eta Italiarekin. Bigarren hau "defentsarako" sortua zenez gero, 1914an gerratik kanpo gelditzeko aukera eman zion Italiari[9]: geroago sartu zen, 1915ean, Entente Hirukoitzarekin bat eginda. 1914ko uztailaren 24an, Serbia babesteko helburuz, "gerrarako prestaketa garaia" abiarazi zuen Errusiak eta, lau egun geroago Austria-Hungariak Belgrad bonbardatu zuenean, Austriatik gertuen zeuden barruti militarrak mobilizatu zituen. Uztailaren 30ean, Errusiaren mobilizazio orokorra iragarri zen, eta biharamunean berbera egin zuten Austria-Hungariak eta Alemaniak. Alemaniak Errusiari desmobilizazioa galdatu zion baina, ez zuenez egin, gerra deklaratu zion abuztuaren 1ean; Austria-Hungariak gauza bera egin zuen hilaren 6an, eta Frantziak Errusia babesteko mobilizazio orokorra iragarri zuen abuztuaren 2an[10].
Alemaniak bi fronte zituen, Frantziaren eta Errusiaren aurkakoak. Haren estrategia zen armada guztia mendebaldean biltzea Frantzia lau astean garaitzeko eta, ondoren, ekialderako bidea hartzea, Errusia erabat mobilizatu aurretik; Schlieffen Plana izena eman zitzaion egitasmo horri[11]. 1914 amaieran, ordea, Marneko guduak geldiarazi zuen Alemaniaren aurrerabidea. Hortik aurrera, Mendebaldeko Frontea higadura-gerra batean sartu zen, 1917 arte lubaki lerro luzeetan trabatua. Aldiz, Ekialdeko Frontean gertatu ziren fronte mugimendu handienak. Serbiak 1915ean galdu zuen gerra, eta Errumania, 1916an Aliatuekin bat egin zuena, 1917an izan zen garaitua. Hala ere, botereek ez zuten inongo galera handirik izan 1918 arte. 1917an, Otsaileko Iraultza gertatu zen Errusian, tsarraren autokraziaren ordez, behin-behineko gobernu bat ezarri zuena. Errusia gerratik kanpo gelditu zen, iraultzaileek izenpetutako Brest-Litovskeko Itunaren bitartez. Horren ondorioz, Alemaniak ekialdean zituen tropak mendebaldera lekualdatu zituen, eta 1918ko Udaberriko Ofentsiban erabili. Erasoaldi horrek, baina, huts egin zuen, eta irailaren 28an Alemaniako buruzagi militarrek armistizioa eskatu zuten[12]. Azaroaren 4an, Austria-Hungariak Villa Giustiko armistizioa izenpetu zuen. Aldi berean, Gilen II.a Alemaniakoak iraultza zuen bere herrian, eta haren militarrek ez zuten borrokan segitu nahi; hori zela eta, azaroaren 9an uko egin zion koroari eta, bi egun geroago, 1918ko azaroaren 11ko armistizioa izenpetu zuen Alemaniak.
Gerraren ondorioz, Errusia, Alemania, Austria-Hungaria eta Otomandar Inperioa nazionalitateetan oinarritutako estatu berritan banatu ziren. Britainia Handia, Frantzia, AEB eta Italiak hainbat baldintza ezarri zituzten 1919ko Parisko Bake Biltzarrean. Beste mundu gerra bat saihesteko, Nazioen Liga sortu zen baina, hainbat arrazoi zirela eta, ez zuen helburu hori lortu. Bigarren Mundu Gerran Alemaniako Langile Alderdi Nazionalsozialistak hartu zuen garrantzia zela eta, askotan Versaillesko Itunak Alemania nola tratatu zuen aipatzen da egun, baina bake horrek Europa eta Ekialde Hurbila ere guztiz eraldatu zituen, gaur egunera arte dirauten duten mugekin, kasu batzuetan[13]. Bestalde, Estatu Batuetako Gerra Zibilean hasitako joeratik, gerraren kontzeptua erabat aldatu zuen: amaitu egin zuen Lehen Mundu Gerra aurretik giza aurrerabideari buruz mekanizazioan jarrita zegoen baikortasun guztia. Mekanizazioak, izan ere, gizatasunaren erabateko galera ekarri zuen, eta egoera lazgarriak. Existentzialismoaren gorakada ekarri zuen, eta auzitan jarri zituen ohiko kristautasunaren interpretazioak, baina baita estatu-nazioen goraldia eta lehia ere.
Aipuaren errorea: <ref>
tags exist for a group named "oh", but no corresponding <references group="oh"/>
tag was found