Biotopoa (grezieratik βίος - bios: bizia eta τόπoς - topos: tokia) ingurumen-baldintza uniformeak dituen eremua da, biozenosi bat duena [1]. Espezie biologiko desberdinek bizitzeko duten toki fisikoa da biotopoa.
Biotopoak eta habitatek antzeko esanahia dute, baina ez dira berdinak: biotopo batean biozenosi bat bizi den bitartean, habitat batean espezie bat bizi da.
Biotopo baten neurria oso aldakorra izan daiteke. Esate baterako, ozeano bat, laku bat edo ur-putzu bat, hirurak, biotopoak izan daitezke. Ingurune baldintza uniformeak eta biozenosi bat edukitzea ezinbestekoak dira, baina, biotopo bat izan ahal izateko (bizidunik gabeko ur-putzua, horrenbestez, ez litzateke biotopoa izango).
Era berean, biotopo handiak biotopo txikiagoetan zatitu daitezke: adibidez, ozeano batean biotopo bat hondoko eremua edo eremu abisala izango da, eta beste bat itsas azaletik gertuen dagoen eremua.
Biotopo baten eragile fisiko-kimiko nagusiak honako hauek dira: tenperatura, argia, lur zoruaren ezaugarriak, presioa eta oxigenoaren kontzentrazioa (uretako biotopoetan), etab.
Biotopoak, bertan bizi den biozenosiarekin batera, maila altuagoko beste kontzeptu ekologikoa osatzen du: ekosistema [2].
Esan liteke biotopoa ekosistema baten ingurune fisikoa dela
Ernst Haeckel (1839-1919) zoologo alemaniarra lehena izan zen biotopoaren kontzeptua erabiltzen.