2004ko martxoaren 11ko atentatuak | |
---|---|
Mota | masa hilketa atentatu |
Honen parte da | Jihadism in Spain (en) |
Data | 2004ko martxoaren 11 (07:30 (en) ) |
Kokaleku | Madril |
Herrialdea | Espainia |
Parte-hartzaileak | |
Ibilgailu | 4 aldiriko tren |
Helburu | Madrilgo Renfe Aldiriak |
Honen ondorioa | Reactions to the 2004 Madrid train bombings (en) |
Pertsona hilak | 193 |
Pertsona zaurituak | 1.856 |
Arma | backpack bomber (en) Goma-2 |
2004ko martxoaren 11ko atentatuak —euskaraz M-11 izenaz ere ezagunak (11-M gaztelaniaz)— Madrilgo aldirikoen tren sareko 4 trenetan komando islamista batek egindako eraso terroristak izan ziren, Espainia eta Europako historia osoko handienak. Goizeko zortzietan ia aldi bereko 10 lehergailuk eztanda egin zuten lau trenetan. 192 lagun hil eta 2.000 inguru zauriturik suertatu ziren.[1][2] Beranduago, poliziak lehertu ez ziren beste bi bonba kontrolpean lehertu zituen, eta hirugarren bat indargabetu zuen. Azken horri esker, errudunen lehen zantzuak aurkitu ziren. Aste batzuen ostean, poliziak Leganésen aurkitu zuen komando islamista. Ezkutatzen zituen etxebizitza eztandarazita, komando islamistako kide guztiak eta GEO polizia bat hil ziren.[3][4]
Lehen orduetako zirrara Espainia eta Europa osoko hedabideetara zabaldu zen. Espainiako hauteskunde orokorretarako hiru egun falta ziren, eta tentsioa handia zen. Hasieratik, Espainiako gobernuko agintariek, Jose Maria Aznar buru zutela, ETAri egotzi zizkioten erasoak, eta ideia hori zabaltzeko ekimenak hartu zituzten, tartean zela bertsio hori zabaltzeko Espainiako enbaxadoreei eta hedabideei deitzea.[5] Nazio Batuen Erakundeak, informazio horien ondorioz, eraso terrorista eta ETA gaitzesteko adierazpena onartu zuen.[6]
Orduak eta egunak aurrera joan ahala, baina, agertzen ziren zantzuek beste noranzko bat erakusten zuten, baina gobernuak lehengoari eutsi zion hipotesi nagusi gisa. Herritarrak kalera atera ziren trumilka terrorismoaren kontra eta gobernuaren jarrera salatzera, gobernua erasook hauteskundeetan irabazpidea izateko erabiltzen ari zelakoan. Tentsio horren erdian, bi pertsona hil ziren Euskal Herrian polizien erasoen ondorioz.[7][8] Alderdi Popularrak kritika gogorrak jaso zituen geroztik bere jarrera kontraesankorragatik.[5][9] Espainiako Auzitegi Nazionalak, epaiketan, hainbat islamdar terroristari egotzi zien atentatuen egiletza.