Michael Faraday (Surrey, Ingalaterra, 1791ko irailaren 22a - Hampton Court, Ingalaterra, 1867ko abuztuaren 25a) elektromagnetismoa eta elektrokimika ikasi zituen fisiko eta kimiko britainiarra da.
Humphry Davy kimikariarekin ikasi zuen eta indukzio elektromagnetikoaren aurkikuntzagatik ezagutzen dute gehienek, generadore eta motore elektrikoak eraikitzea ahalbidetu baitu honek, edo elektrolisiaren legeengatik, bera baita elektromagnetismoaren eta elektrokimikaren benetako sortzaile.
Bere garaiko beste ikertzaile batzuen antzera, Faraday eremu magnetikoen bidez korronte elektrikoak sortzen saiatu zen. Hamar urtetan ez zuen emaitza arrakastatsurik lortu, egoera estatikoan, hots, geldirik zeuden imanak eta bobinak erabili baitzituen. Hala ere, ekinaren ekinaz, korronte elektrikoaren indukzioa sortzeko eremu magnetiko aldakorrak behar direla frogatu ahal izan zuen.
Gaztetan ikasketak burutu gabea zen, eta ez zekien ia ezer matematikaz. Kalkulu diferentziala erabat arrotz zuen azken fisikari handia izan zela esan daiteke, nahiz eta gabezia hori grafikoak egiteko zuen trebetasun izugarriz gainditu zuen.
Bere egunkaria idatzi zuen 1820 eta 1862 bitartean, etenik gabe, bertan buruturiko esperimentuak deskribatuz. 3.236 orrialde eta zenbait mila irudi dituen egunkari hori Fisikaren historiako funtsezko lanetako bat da gaur egun.